XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordurako gurasoak lurpean geunkazan, eta nebei ez jaken gauza ona iruditu, beste zama bat gure lepora hartzea, lanez itota ebilzan-eta.

Garai latzak ziran.

Urtero sikate amaigabeak pairatzen genduzan, eta egun osoan errekatik ura garraiatzen ibili behar izaten genduan, hodeiak zeruertzean baino azaltzen ez zirala, hurreratzeko bildurrez.

Lehenengotan ez eban osaba Simonek zereginik emoten, oraindino sano bizi zala, eta lagundu ere laguntzen ginduzan solo arrakalduetan.

Bere adinekoen antzera, istorio asko kontatzen euskun, Ameriketan pasatutakoaz, eta halan hiru emazte euki zituala enteratu ginan, zein baino zein maltzurragoak, errietan egin eta etxetik kanpora botatzen ebazanak; semerik ere euki eban, amaren odolekoak baina, eta horregaitik nahiago izan ebala irabazi guztiak jaioterrian ereinak izatea.

Hori entzutean neba biak zurikerietan hasten jakozan, lausenguz asetu arte, baina aste batzuen buruan aspertu egin ziran, lehen atakea izan ebanean, alegia.